Oarsoaldeko Txirrindularitza Eskolak (OTXE) bere lehen ziklo-kros denboraldia bukatu berri du. Klubeko arduradunek adierazi dute “esperientzia bizi eta ikastea” zirela urrian jarri zituzten helburuak. Probak pasa ahala, baina, emaitza onak lortzen hasi zirela baietsi dute, eta junior mailan txapeldun izendatu dira klubeko Iraia Zapirain eta Eneko Olveira txirrindulariak.

Denboraldiko azken lasterketa Ormaiztegin lehiatu zen hilaren 6an. OTXEko bi txirrindulari gazteak, Zapirain eta Olveira, lidergoan iritsi ziren Ormaiztegiko probara, eta txapelketa bere egiteko asmoarekin ekin zioten azken lehiari. Bi ziklistek erronkari “ondo” erantzun ziotela jakinarazi du klubak, biek ala biek eutsi baitzioten maillotari, junior mailako ziklo-kros txapelketak irabaziz. Sasoian zehar hainbat garaipen erdietsi dituztela nabarmendu du OTXEk. Probatik probara, “postu onak” lortu eta “gozatua” hartu dutela aitortu du klubak.

Zapirain eta Olveira ez dira junior mailan lehian aritu diren txirrindulari bakarrak, bi txapeldunek bidelagun izan baitute Unai Barrio. Junior mailako kideez gain, Manex Olaiz, Jokin Pozo eta Ane Zubeldia kadete mailan lehiatu dira. Zubeldiak, gainera, Ormaiztegiko proba irabazi zuen.

Espainiako Txapelketa

Ziklo-kros denboraldian egindako lan onagatik saria izan zuten OTXEko txirrindulari gazteek. Iraia Zapirain, Eneko Olveira eta Ane Zubeldia Euskal Selekzioarekin izan dira asteburuan Amurrion, Espainiako Txapelketan parte hartzen.

Espainiako Txapelketan Zubeldia izan zen lehian aritu zen lehena. Kadeteen mailako proba larunbatean jokatu zen, eta OTXEko ziklistak emaitza paregabea lortu zuen, brontzeko domina zintzilikatu baitzuen. Zubeldiak atzetik aurrerako lasterketa egin zuen hirugarren postuan sailkatzeko.

Olveirak ere larunbatean jokatu zuen Gizonen Junior Mailako proba. Zubeldiaren antzera, atzetik aurrerako lasterketa egin behar izan zuen Olveirak, eta bere “gogo eta teknikarekin” 13. postuan bukatzea lortu zuen.

Zapirainen proba, aldiz, igandean lehiatu zen. Lasterketa aurretik izandako matxura baten ondorioz, ez zuen behar bezala berotzerik izan, eta ordezko bizikletarekin atera behar izan zuen. Hala ere, denboraldi osoan erakutsi duen moduan, bere “kasta” atera zuen, 16. postuan sailkatuz.

OTXEren ziklo-kros sasoia “emozioz eta adrenalinaz” beterikoa izan dela zehaztu du klubak, eta datorren urtean errepikatuko dutela aurreratu dute.